Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna

LEHERKETA KONTROLATUA
AUDIOA: https://youtu.be/vGkrFIjWY8Q
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/RZVg9wO2Qlgj7w
1. Munduko Ekonomia Foroaren bidez, mendebaldeko
multinazionalek neoliberalismoa ordezkatzera bideratutako eredu ekonomikoaren
proposamena jarri dute mahai gainean, eta Berrabiatze Handia izena eman diote.
Proiektu honen bultzatzaileak multinazional handiak izatea oso garrantzitsua
da, beraiek izan baitira, zuzenean eta gobernuengan duten eraginaren bidez,
eredu neoliberalaren protagonista eta buruak.
2. Egungo eredutik igarotzea bera da eredu berri
honen funtsezko alderdi bat. Deigarria da Berrabiatze Handiaren sustatzaileek
behin eta berriz errepikatzea COVID-19 epidemiak sortutako krisiak eredu berria
ezartzeko dakarren aukera paregabea. Horrek esan nahi du, nolabait, krisi honek
sortutako suntsipen ekonomikoak eredu berri bat "eraikitzen"
laguntzen duela. Garrantzitsua da horri buruz hausnartzea.
3. Eredu ekonomikoaren aldaketa proposatzen
duten multinazionalen lekuan koka gaitezen. Jakina, ez da gogo handiz
proposatzen duten zerbait. Eredu neoliberala beren eredua izan da eta da
oraindik. Korporazio handiek kontrolatu dute prozesu neoliberal osoa, eta
inbertsioen errentagarritasuna eta mendebaldeko gobernuen kontrol politikoa
ziurtatzeko balio izan die eredu horrek.
4. Korporazio handiek eredua aldatzearen alde
egiten badute, ziur aski, beste aukerarik ez dutelako izango da. Eredu
neoliberala agortuta dago, Europako eta Estatu Batuetako ekonomia eta gizartea
estutzeko dituen aukerak mugara iritsi direlako itxuraz. Muga hori, alde
batetik, hondoratze demografikoak markatzen du, eta, bestetik, gainzorpetzearen
metaketak. Eta hori guztia Mendebaldeak inbertsio produktiboa modu egonkorrean
suspertzeko gai ez den ingurune batean.
5. Korporazioek gero eta argiago ikusi dute
eredu neoliberalak – beren ereduak – ez duela askoz gehiago iraungo. Eta
badirudi aurreratzea erabaki dutela.
6. Jakina, eredu ekonomikoaren etorkizuna
bideratzerakoan, oinarrizko hiru helburu dituzte korporazio handiek:
A. Eredu bideragarria izan behar da, garapen
ekonomikoari eusteko gai.
B. Ereduak korporazio handien nagusitasun
ekonomikoari eusten zaiola bermatu behar du.
C. Ereduak bermatu behar du, halaber,
korporazio handiek mendebaldeko gobernuekin duten nagusitasun politikoari
eutsiko diotela.
7. Badirudi azken urteotan frogatu dela ekonomiaren
hedapen-aldi batek arazoa konpondu arte itxaroteko estrategiak ez duela
funtzionatzen. Egiturazko arazoak mantendu edo larriagotu egiten dira. Edozein
eredu alternatibok gainzorpetzearen arazoa eta finantza-sektoreko arrisku
metatua konpondu behar ditu, eta, aldi berean, geroko hazkunde ekonomikoa
ziurtatu.
8. Horrek esan nahi du, era batera edo bestera,
korporazio handiek gehiegizko zorpetzea modu gogor eta zorrotzean amaitzen
saiatuko direla. Horrek eskatzen du ziurrenik, zorraren kitatze orokortuak eta,
aldi berean, finantza-sistemaren eraiste kontrolatua.
9. Etorkizuneko hazkunde ekonomikoa hiru modutan
bermatu beharko litzateke:
A. Garapen teknologiko berriak Laugarren
Industria Iraultzaren esparruan
B. Korporazio handientzat giltzarri diren
sektoreei egundoko baliabide publikoak bideratzea, hala nola energia
berriztagarriei eta farmazia sektoreari.
C. Eraginkortasun txikiagoko sektore helduen suntsiketa
sortzaile bizkorra, batez ere enpresa txiki eta ertainena.
10. Hori
guztia korporazio handiak proposatzen ari diren sistemaren "leherketa
kontrolatuaren" testuingurua litzateke.
11. COVID-19ren zeregina "leherketa" eta
"suntsiketa sortzailea" mekanismoak martxan jartzea izango litzateke,
herritarrentzat onargarria den moduan; izan ere, herritarrek – modu horretan –,
lortu nahi den suntsipen sozial eta ekonomikoaren aurrean, birus bat hartuko
dute erruduntzat, eta ez elite korporatiboa bera.