Enpresan Parte Hartzea. OINARRI KONTZEPTUALA

1.     Langileek enpresan parte hartzeari buruzko eztabaida ez da batere berria. Bere jatorria langileen mugimenduaren hasieran dago, kapitalaren eta lanaren arteko lehen liskarretan. XIX. mendearen hasieratik, langileei enpresaren erabakietan edo horrek sortutako irabazietan pisu handiagoa emateko proposamenak sortu ziren.

2.     Langileen mugimendua berehala bideratu zen estrategia sindikalistetarantz edo sozialistetarantz, enpresa-eredu nagusia errotik aldatzea planteatzen zutenak. Enpresaburu-inbertitzailearen titulartasunaren ordez langileen, kontsumitzaileen edo Estatuaren titulartasuna ezarriz.

3.     Era batera edo bestera, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin, kapitala-lana gatazkak gure egitura ekonomikoaren funtsezko elementu izaten jarraitu du. Horrek azaltzen ditu inbertitzaileek eta soldatapeko langileek enpresetan izan behar duten zereginari buruzko iritzi ezberdinak. Bai eta enpresa-errealitatean horren inguruan egin behar diren aldaketei buruzkoak ere.

4.     Dena den, testuinguru horren barne, langileek enpresan parte-hartze handiagoa izatea defendatzen duten posizionamendu kontzeptualek askotariko azken helburuak dituzte.

5.     Alde batetik, kapitala-lana gatazka berez negatiboki baloratzen duten eta langileen interesak integratzen dituzten enpresa-ereduen bidez gatazka hori arintzea bilatzen duten gizarte-sektoreak ditugu. Hori izan liteke, adibidez, elizaren doktrina sozialaren posizioa.

6.     Logikoa denez, jarrera teoriko horrek eragin du, halaber, mugimendu sindikalak nolabaiteko mesfidantza izatea langileen parte-hartzea bultzatzeko proposamenekiko, beldur baitira, hain zuzen ere, proposamen horien benetako helburua sindikalismoa ahultzea ote den. Mesfidantza hori, nolanahi ere, aldakorra da eta ez oso argia. Batzuetan, langileek enpresan parte har dezaten bultzatzeko proposamen zehatzen aurkakoa da eta aldekoa bestetan.

7.     Beste sektore batzuek uste dute parte-hartze hori lehen urratsa dela lana enpresan erabakiak hartzeko sarbidean, prozesu jarraitu baten barruan. Prozesu horren helburua ez litzateke kapitala-lana gatazka arintzea, baizik eta langileei gero eta indar handiagoa ematea enpresaren kontrolean.

8.     Kasu batzuetan, Alemanian gertatu zen bezala, langileek administrazio-organoetan parte hartzea funtsezko tresnatzat hartu zen enpresa-oligarkiaren tentazio totalitarioak kontrolatzeko.

9.     Teoria ekonomiko batzuek justifikatu egin dute langileek enpresan parte hartzea kapitalismo aurreratuaren egiturazko arazoei aurre egiteko tresna gisa. Horrela, Alemaniako kogestioa funtsezko faktorea izango zen enpresa handien finantzarizazio-arriskua saihesteko, herrialde anglosaxoietako ekoizpen-ehunaren funtsezko zati bat suntsitu duena. Inbertsioaren beheranzko joera dute kapitalean intentsiboak diren enpresek eta, horri aurre egiteko tresna interesgarria izan daiteke langileen parte-hartze kualifikatua. Eta helburu antiziklikoa ere izan dezake enpresaren kudeaketan.

 

ENPRESA ETA LANAri buruzko idatziak

EKAI Center-en beste idatzi batzuk