Kurzarbeit-aren Ezarpena OINARRI KONTZEPTUALAK

AUDIOA - TESTUA
Kurzarbeit-aren Ezarpena

OINARRI KONTZEPTUALAK

AUDIOA:   https://youtu.be/pE2inc-HIhk

TESTUA (PDF):   https://yadi.sk/i/Q5vmaUsiq0IjGQ

1.     Enpleguaren kudeaketaren ikuspegi liberalen aurrean, Kurzarbeit ereduak botere publikoen inplikazio aktiboaren beharra planteatzen du. Langabezia murrizteko tresna gisa lan-denboraren murrizketa eta banaketa modu zabal edo orokorrean erabiliz hain zuzen.

2.     Praktikan, planteamendu kontzeptual horrek honako hauek eskatzen ditu:

A. Araupen egokia

B. Horretarako beharrezkoak diren aurrekontu-baliabideak izatea

C. Mekanismo horiek enpresa-ehunaren sektore zabaletara hedatzea bultzatzeko borondate politikoa.

3.     Sistema honen logika ulertzeko, lehenik eta behin, gizartearentzako eta aurrekontu publikoentzako langabeziak dakarren kostua kontuan hartu behar dugu. Kostu hori beren emaitza-kontutik deskargatzen dute enpresek krisialdietan, kanpo-eragin edo externalitate negatibo gisa.

4.     Merkatu liberaleko ekonomiak uste du egokia dela hori horrela izatea. Enpresek langileak kaleratzeko zenbat eta erraztasun handiagoa izan, orduan eta eraginkorragoak izango dira beren jarduera garatzeko orduan. Politika publikoak, alde batetik, langabeak babestera bideratu behar dira eta, gehienez, enpresetan enplegu berria sortzera.

5.     Baina ikusmolde liberal horiek langabeziaren kostuak jarduera ekonomikoan modu batean edo bestean eragingo ez balu bezala argudiatzen dute. Baina errealitatea da, eragina izateaz gain, oso modu gogorrean eragiten duela. Epe laburrean enpresen etekin kontua hobetzea besterik ez dirudiena, epe luzera arazo estrategiko larria bihurtzen da aurrekontu publikoetarako, pertsonen gaikuntzarako eta ekoizpen-sistema osoaren eraginkortasunerako. Ahaztu gabe, jakina, langabeziak ikuspuntu sozial hutsetik duen eragina.

6.     Bestaldetik, langabeziaren erronkari aurre egiteko epe luzeko ikuspegian kokatu diren enpresa-kudeaketako ereduen abiapuntua zeharo ezberdina izan da. Hauen ustez, langabeziaren aurkako jarrera zuzena hartu behar dute politika publikoek eta, enplegua sortzea bultzatzeaz gain, lanari eustea ziurtatu behar dute, beharrezkoa den neurrian enpresetan lana banatuz.

7.     Ekonomia liberalek normalean ez dute azken funts kontzeptual hori onartzen, baina, nola edo hala, doktrina ekonomiko oso desberdinek defendatu dute. Oinarrizko lau ildo hauek aipa ditzakegu:

- Herrialde sozialisten enplegu osoko politikak

- Enpresa publikoen sare zabala duten herrialdeen kasua (Belarus adibidez)

- Europa mendebaldeko herrialde batzuetako enplegu-politika aktiboak, Kurzarbeit barne.

- Lan-kooperatibak, beren kabuz kudeatzen baitute enplegua, oinarri kontzeptual horietan oinarrituta.

8.     Agerikoa da enplegua banatuz langabezia saihesteko politika horiek kostu bat dutela. Kostu hori, ereduen arabera, Estatuak, enpresa publiko edo pribatuek edo jarduneko langileek har dezakete bere gain. Eta interes-talde horien artean partekatu daiteke ere. Nolanahi ere, politika horiek epe luzeko ikuspegitik planteatzen dira, jakinik langabeziaren kostu soziala eta ekonomikoa (prestazioak, gaikuntzaren galera, gizarte-bazterketa), normalean, epe luzera, nabarmen handiagoa dela.

KURZARBEIT-AREN EZARPENAri buruzko idatziak

EKAI Center-en beste idatzi batzuk