Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna

LEHIAKORTASUNAREN ERRONKA
AUDIOA: https://youtu.be/l-_y89iZbVc
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/BPFI_qQbxHijXw
1. Garapen ekonomikoko edozein ereduren erronka
nagusia da, argi eta garbi, lehiakortasunaren erronka. Europak munduan duen
posizionamendu lehiakorraren oinarriak ezarri behar ditu Europako
garapen-ereduak. Baina adigai horrek interpretazio ezberdinak izan ditzake bere
baitan.
2. Merkatu irekiaren barruan kokatutako lurralde
baten lehiakortasunaren ohiko irizpideetan oinarrituta interpretatu ohi dugu
Europako lehiakortasuna. Hori dela eta, beste batzuen efizientziarekin eta
produktibitatearekin etengabe konparatuta baloratzeko beharra dugu lurralde
horren lehiakortasuna.
3. Bereziki, M.E.PORTERen hitzetan, "Nazioko
enpresek arrakastaz lehiatzeko aukera ematen duten industrien eta
industria-sektoreen hedapenaren eta horietan lortutako lehia-abantailen
izaeraren arabera daude produktibitatearen maila eta hazkundea " (PORTER,
1998, 544. or.).
4. Hala ere, egungo testuinguru berrian, askotan
"postglobalizazioa" bezala definitzen duguna, kanpo-lehiakortasunaren
esanahia funtsean desberdina izan daiteke. Europa bezalako eskualde-botereek,
berez, nahikoa dimentsio dute garapen ekonomikoa ahalbidetzeko, nahiz eta beren
enpresak ez izan lehiakorrak beste lurraldeetakoekin, hori ahalbidetzen duten
merkataritza-oztopoak Europak mantentzen dituen neurrian.
5. Testuinguru horretan, PORTER-en azterketari
gainjartzen zaion lurralde-ikuspegi bat hartzen du lehiakortasunak. Nazioen
lehiakortasunean sektoreen edo enpresen lehiakortasuna erabakigarritzat jotzen
du Porterrek (619. or..) testuinguru ireki batean.
6. Mundu osoko testuinguru ireki eta globalizatu
baten aldeko apustua argia izan da, Europak lehia-abantaila nabarmena izan duen
bitartean beste eskualde global batzuen aldean. Baina azkar aldatzen ari da
hori. Eta gero eta barne-presio handiagoak daude Europan – Estatu Batuetan
bezala –, Asiako lehiakideen aurrean merkataritza-oztopoak ezartzen hasteko.
7. Orain arte munduko ekonomian nagusi izan den
merkataritza-irekierari eusten bazaio, sektore eta enpresa jakin batzuen
mundu-lehiakortasuna bermatuz defendatu egin beharko da nahitaez Europaren
lehiakortasuna, eta sektore eta enpresa horiek garatu eta indartzearen alde
eginez.
8. Bestaldetik, ekonomikoki erregionalizatuagoa
den eta merkataritza-oztopo handiagoak dituen mundu baterantz aurrera eginez
gero, enpresa eta sektore ez-lehiakorrak defendatu eta epe luzera beren
lehiakortasuna hobetzearen aldeko apustua egin daiteke.
9. Lehia-posizionamendu mota horretan, itxuraz
lehiakorrak ez diren enpresak eta sektoreak defendatzearen alde egin dezake
Europak, baldin eta ulertzen bada, arrazoi batzuk edo besteak direla medio,
hori positiboa dela Europako gizartearentzat edo ekonomiarentzat, oso epe
luzeko ikuspegitik. Aitzitik, ekonomia ireki batean, enpresen eta sektoreen epe
laburreko lehiakortasunak soilik zehazten du lurralde bateko ekonomiaren bilakaera
positiboa edo negatiboa.