Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna
FINANTZA-SEKTOREA SUNTSIKETA SORTZAILEAREN AITZINDARI GISA
AUDIOA: https://youtu.be/i5rnjoS5z1I
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/62ViIhivofh1NA
1. “30eko Taldearen” txostenak egiaztatzen
digunez, finantza-sektorea eta, zehazkiago, banku handiak eta banku zentralak aitzindari
gisa ari dira kokatzen "Berrabiatze Handiaren" funtsezko giltzarri
gisa suntsiketa sortzailearen estrategia bultzatzeko orduan. Hau, aldi berean,
esanguratsua eta deigarria da.
2. Teorian, "suntsiketa sortzailea" merkatu-mekanismo
gisa planteatzen dute estrategia horren defendatzaileek. Horrela, efizientzia
gutxiagoko enpresak efizienteagoekin ordezteko joera abiatzeko asmoz. Gobernuek
mekanismo horri funtzionatzen utzi behar diotela esaten da. Eta enpresen eta
jarduera-sektoreen "suntsipen" orokorrak onartu behar dituztela, jarduera
produktiboa suspertzea eta birkokatzea errazten baitu horrek.
3. Planteatu beharreko lehen kontua da ea ba ote
dagoen finantza-sektorea baino babestuagoa den eta "merkatuko"
suntsiketa sortzaile horren mende gutxiago dagoen jarduera-sektorerik. Bankuen
sektorea da gehien arautzen den sektoreetako bat. Bere jarduera legezko
erregulazioaren araberakoa da. Sektorearen etekinak politika publikoen bidez
zehazten dira. Gobernuek eta banku zentralek sistematikoki erreskatatzen
dituzte banku handiak merkatu-mehatxu larriak dituztenean. Mendebaldeko banku
handiek duela urte asko egingo zuten porrot, erreskateengatik eta politika
monetarioengatik izan ez balitz. Ziurrenik, banku zentralek finantza-erakunde
handi horiei emandako laguntzak dira diru-politikaren lehen helburua Europan
eta Estatu Batuetan.
4. Testuinguru horretan, finantza-erakunde
handiak "suntsiketa sortzailearen” estrategien hedapenean protagonista
izatera ausartzea barregarria ere izan liteke, baldin eta gure ekonomiaren
etorkizunerako erabakigarria ez balitz. Baina mendebaldeko analisi
ekonomikoaren etengabeko distortsioa islatzen du, betiere elite korporatibo eta
finantzarioaren interesen alde.
5. Baina finantza-sektorearen protagonismo
horrek estrategia horien errealitatea identifikatzeko ere balio digu. Izan ere,
finantza-erakunde handiak ez dira soilik merkatuko arriskuetatik babestuenak,
baita babes horrek ematen dien botere ekonomikoa sistematikoki erabiltzen
dutenak ere, "suntsiketa sortzailearen" teoriak defendatzen duenaren
guztiz kontrakoa egiteko.
6. Banku handiek, duela urte askotatik
egiturazko porrot iraunkorreko egoeran dauden horiek, gobernuen eta banku
zentralen laguntzei esker bizirauteaz gain, laguntza horiek sistematikoki
erabiltzen dituzte banku-erakunde txiki eta ertainak xurgatzeko, efizienteak eta
ez-efizienteak. Edo hainbat sektoreetako enpresen akzioak erosteko. Suntsiketa
sortzailea? Bai, noski, "suntsiketa sortzailetzat" errealitatean maiz
gertatzen dena ulertzen badugu. "Arpilatze suntsitzailea", "suntsiketa
sortzailea" baino gehiago.