BREXIT-AREN IKASGAIA

AUDIOA - TESTUA
Adimen Politiko eta Estrategikoa

1.      Brexit-a abian jartzeko prozesua burutzeak une egokia dirudi horri buruz hausnartzeko. Batez ere, guretzat bereziki interesgarria den ikuspegi batetik: "gure" hedabideek egin duten prozesu horren kudeaketa hain zuzen. Euskal iritzi publikoa erabat baldintzatu duena, jakina.

2.      Ez ditugu orain Brexit-ek Erresuma Batuarentzat eta Europarentzat dituen abantailak eta desabantailak baloratuko. Nahikoa da gogoratzea egon bazirela abantailak eta desabantailak.

3.      Itxuraz prozesua amaituta dago. Hori, berez, ezinezkoa zen gure hedabideentzat, aho batez iragarri zutenak pentsaezina zela Brexit-a onartua izatea.

4.      Gure hedabideen arabera ere, eta ziurtasun osoz, berehalako hondoratze sozial eta ekonomikoa izan behar zen Brexit-a Erresuma Batuarentzat. Eta ez da horrela izan. Errealitateak erakutsi du prozesua posible zela, britainiar iritzi publikoa gehienbat alde zegoela eta ez zela inondik inora erokeria bat.

5.      Gure hedabideek Brexit-aren aurka aho batez eta itsu-itsuan  hartutako jarrera bereziki harrigarria zen kontuan hartzen badugu horren inguruan erabilitako argudioak zenbateraino ziren Kataluniako "Procès" delakoan edo Eskoziako erreferendumean erabilitakoen berdintsuak. Elkartasunik eza, eromen ekonomikoa, ekonomiaren berehalako hondoratzea, etab. Baina argudio horiek beraiek, harrigarriro, kontrako zentzuan interpretatzen zituzten euskal hedabideek: Brexit-ean elkartasunik eza zena ez zen Katalunian edo Eskozian. Zentzugabekeria ekonomikoa edo Europar Batasunetik kanpo Erresuma Batuan gertatu behar zen hondoratze ekonomikoa, oinarririk gabeko argudioak ziren Kataluniako eta Eskoziako prozesuetan.

6.      Jakina, logikoa da herrialde bateko hedabideak Brexit bezalako mugimendu politiko garrantzitsu baten aldekoak edo kontrakoak izatea. Harrigarria dena da prozesu honen aurkako adostasun itsua eta haren aldeko edozein iritziren aurkako arbuio, mespretxu edo irain sistematikoa.

7.      Horrek guztiak erakusten digu, beste behin ere, euskal hedabideek nazioarteko politikan objektibotasunez kokatzeko duten zailtasuna. Mendebaldeko hedabide handiek helarazitako postulatu "politikoki zuzenak" sistematikoki onartzea. Eta hau ez da garrantzi gutxiko kontua.

8.      Korporazio handien interesek definitzen dute zer den eta zer ez den politikoki zuzena. Eta euskal hedabideek egiten duten bezala irizpide horiei itsu-itsuan men egitea elite korporatiboaren menpe jartzea besterik ez da. Berdin dio hedabide horiek beren burua ezkerrekotzat, eskuinekotzat edo zentrokotzat hartzen duten. Izenak besterik ez dira. Izan ere, oligarkia korporatiboaren agente leialak dira. Brexit-en eta korporazio handientzat garrantzitsuak diren beste gaietan ere.

ADIMEN POLITIKO ETA ESTRATEGIKOAri buruzko idatziak

EKAI Center-en beste idatzi batzuk