Adimen Politiko eta Estrategikoa

BIDEN GERRA PRESTATZEN HASI DA
AUDIOA: https://youtu.be/KJTjJltMCpE
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/Eo3kwAm1gWSOXg
1. Joe Bidenek honezkero iragarritako
izendapenek (Samantha Powers edo Victoria Nuland, besteak beste) bere
gobernuaren nazioarteko politikari buruzko espektatibarik okerrenen aurrean
jartzen gaituzte.
2. Bere adin eta egoera fisikoagatik, Joe Biden
ez da gai bere gobernuaren politikak zuzentzeko. Zalantzan dagoena da zeintzuk
diren haren gaineko funtsezko eraginak. Iragartzen ari diren izendapenetan
Barack Obamaren eta Hillary Clintonen politikak iragartzen dira zuzenean, eta
ez dugu baztertu behar horixe bera izatea une honetan eraginik zuzenena.
Erreferentzia gisa, Victoria Nulandek Ukrainako gobernu demokratikoa eraisteko
estatu-kolpea antolatu zuen, eta mugimendu neonaziak bultzatu zituen herrialde
horretan.
3. Edonola ere, kontuan izan behar da Estatu
Batuetako gobernuaren politikak modu partzialean baino ez daudela lehendakariaren
erabakien mende. Neurri batean, herrialde guztietan gertatzen da hori, baina ez
Estatu Batuetan bezain modu erradikalean. Administrazioa benetan konplexua da
herri horretan, neurri handi batean beren interesen alde jarduten duten
departamentu eta agentziek osatuta, ia beti Wall Streeten zerbitzura.
Lehendakariaren aginduak bete egiten dira elite korporatiboaren estrategiak
errespetatzen badituzte, eta sistematikoki saihesten dira, betetzen ez
badituzte.
4. Badirudi argi dagoela orain, oligarkia
korporatiboaren estrategia oldarkorrenen ildotik, azken urteetan galdutako edo murriztutako
munduko nagusitasuna kosta ahala kosta berreskuratzeko prestatzen ari dela
Biden-Harris gobernua.
5. Oldarkortasun horren norabidea beste kontu bat
da. Obamaren garaiko estrategia zehatz-mehatz errepikatuko balitz, Txina edo
Iran bezalako herrialdeekiko jarrerak leundu egingo lirateke eta Errusia, Siria
edo Iraken aurkako erasoa gogortuko litzateke.
6. Baina antzeko helburuekin, estrategiek ez
dute zertan berdinak izan orain. Testuinguru geopolitikoan Txinak duen pisuaren
ondorioz, zailagoa da mendebaldeko oligarkia korporatiboarentzat herrialde
horrekiko jarrera pasiboa hartzea. Horregatik, Biden administrazioak bi aukera
ditu: Txinaren aurkako oldarkortasuna areagotzea edo, alderantziz, potentzia
horrekin akordio batera iristea Errusia neutralizatzen saiatzen diren
bitartean.
7. Gogora dezagun "guztion aurka ezin
dugu" kontzeptuan oinarritutako Kissinger doktrina izan dela azken
urteotako Ipar Amerikako politiken funtsezko gako bat. Horren ondorioz,
Txinarekin harreman normalizatuak izaten saiatu dira Errusia neutralizatzen den
bitartean, edo, alderantziz, Errusiarekin harremanak normalizatzen saiatu dira
Txinari eraso egiten zaion bitartean. Antzeko zerbait gertatu da Iran bezalako
herrialde musulmanekin. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu zein den norabide
berria.