1. Tradizionalki, aurrekontu publikoen bilakaera
ongizate-estatuaren eta Europako gizarte-ereduaren konfigurazioaren ardatz
nagusi gisa interpretatu izan dugu. Baina eredu horren barruan, pertsona
fisikoen errentaren gaineko zerga izan da, ziurrenik, Bigarren Mundu Gerraz
geroztik Europa osoan erregistratutako aurrekontu-hedapenaren funtsezko
euskarria.
2. Aurrekontu publikoetara baliabide gehiago
ekartzeaz gain, progresibitatearen bidez – errenta altuagoek tasa handiagoen
arabera ordainduz – ongizate-estatua sendotzeko funtsezko gizarte-babesa lortu
zuen Pertsonen Errentaren gaineko Zergak,
3. Errentaren gaineko Zerga hori zerga
progresibo gisa finkatu zenetik, zerga-sistema osoaren helburua ez zen gastu
publikoa finantzatzea bakarrik. Ordutik bertatik, errentaren birbanaketa
funtsezko helburu bihurtu zen, baita haren legitimazioaren oinarri ere.
4. Zerga honen birbanaketa-eragina agerian
geratzen da zergadunen zerga-oinarriaren tarteen araberako zerga-kargaren
banaketa kontuan hartzen badugu. Ikus ditzagun 2016ko PFEZaren datuak Espainian,
adibide gisa:
ITURRIA: Dirección General de Tributos
OHARRA: “CRA-DM-DFN” = Autolikidazioaren ondoriozko kuota – Amatasunagatiko kenkaria – Familia ugariaren edo desgaitasuna duten pertsonen arduragatiko kenkaria
5. Grafiko horretatik argi eta garbi
ondorioztatzen da, zergaren progresibitatearen ondorioz, errenta altuagoek
nabarmen gehiago laguntzen dutela zerga horren bidez baliabideak lortzen.
6. Alde batetik, zergadun-talde bakoitzak
zerga-oinarrietan eta, bestetik, kuota oso edo garbietan duen partaidetza
alderatzen badugu, progresibotasunaren eragina ulertu dezakegu; horren
ondorioz, errenta txikienek urteko errentan duten partaidetzaren erditik hurbil
ematen dute ekarpena, eta errenta altuenek, berriz, partaidetzaren bikoitza,
gutxi gorabehera.
7. Ohikoa da zergaren birbanaketa-inpaktua
grafikoki Lorenzen kurbaren bidez irudikatzea.
ITURRIA: Dirección General de Tributos
8. Agerikoa da zergaren birbanaketa-eragina.
Hala ere, garrantzitsua da aztertzea zer birbanaketa-mota sortzen duen zergak.
Alde batetik, errenta gehiago sortzearen arabera ekarpen handiagoa egitea
justizia banatzailearen kontua izan daiteke zentzu orokorrean. Baina
progresibitate-irizpide horien benetako aplikazioa zehazteko nortzuek eta
zenbat gehiago aztertu behar dugu.
9. Ikuspegi horretatik, lehenengo grafikoan eta
Ogasunak emandako daturik zehatzagoetan oinarrituta, uler dezakegu inflexio-punturik
bereizgarriena urteko 30.000 euroko errenta ingurukoa izango litzatekeela.
Errenta-maila horretara arte, herritarrek proportzioan legokiekeena baino
ekarpen txikiagoa egiten dute, errenta sortzeko duten proportzioaren arabera.
Eta 30.000 eurotik gora, proportzioan baino gehiago.
10.Horrek lehen ondorio batera garamatza.
Errentaren gaineko Zergaren birbanatze-efektua ez da gertatzen aberastasun
handienekoetatik eta gainerako herritarren alde. Benetako efektua oso
bestelakoa da. Maila ertain eta altuetatik errenta txikiagoko estratuetara
birbanatzea da. Hori kontuan hartzea funtsezkoa da zerga honen eragin
ekonomiko, sozial eta politikoa ulertzeko.
11.Bigarren kontua, grafikoetan argi eta garbi
ikusten duguna, hauxe da: baliabideen ekarpen gehiena maila ertain eta
ertain-altuko geruzetatik datorrela.
12.Jakina, aurrekontu publikoen
birbanatze-eragina ez da errentaren gaineko zergara mugatzen, gastu publikoaren
bidez ere islatzen baita, hura proportzionalki baino gehiago, prestazio edo
diru-laguntzen bidez, baliabide gutxiago dituzten herritarrengana bideratzen
den heinean.