Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna

4 EGUNEKO LAN-ASTEARI BURUZ
AUDIOA: https://youtu.be/VC6a-E5sxgc
TESTUA (PDF): https://yadi.sk/i/ILZSi74y0UHKEA
1. Eztabaida Espainiako gobernuaren gertuko
inguruetan sortu da eztabaida, baina oraingoz ez da sendotasun esanguratsurik azaldu
horren alde. Asmoa litzateke lan-astea 32 ordura edo 4 egunera murriztea, eta
hori neurri esanguratsua izan liteke, hasteko, COVID-19 epidemiari aurre
egiteko aplikatutako politiken ondorioz hilabete hauetan langabeziak izango
duen hazkunde bortitzari aurre egiteko.
2. Gai hori hainbat ikuspuntutatik landu eta
baloratu daiteke. Alde batetik, argi dago neurri horrek zuzenean eragiten
duela, epe laburrean, langabezia-zifrak geldotzen edo murrizten. Helburu
horrek, berez, egundoko garrantzia du gaur egun.
3. Egia da espekulatu dezakegula, egungo krisia
gainditu eta enplegua berreskuratuta, ordu gutxiago lan egiteak hazteko
gaitasuna murriztuko ote digun. Baina, era berean, ez du zentzurik
produktibitatearen goranzko bilakaera (lan egindako ordu bakoitzeko
ekoizpen-gaitasuna) gehiago ekoiztera nahitaez bideratu behar izateak. Neurri
batean, gehiago ekoiztera bideratu behar da, eta, beste hein batean, lan
gutxiago egitera. Erabaki beharreko gaia ez da kontzeptua, guztiontzat argia
izan beharko lukeena, haren zehaztapena baizik:
A. Lan-denbora zenbat murriztu behar den
B. Noiz hartu behar diren lan-denbora
murrizteko erabakiak
C. Nola gauzatzen den prozesua.
4. Ordu asko edo gutxi lanean ari garen erabakitzeko,
azterketa soziologikoa eta historikoa egin behar da nahitaez. Eta hemen funtsezkoa
da EKAI Centerrek behin eta berriz mahai gainean jarri duena gogoratzea. Azken
hamarkadetan, itxuraz asteko 5 lanegunetan 40 ordu inguru eman ditugunean, denok
uste genuenaren guztiz kontrako bideetatik bilakatzen zen lan-denboraren
kudeaketa.
5. Bizi ginen gizarteari buruzko ilusio
baikorrean, lan-denbora pixkanaka murriztuko zela pentsatzen genuen, aurrerapen
teknologiko eta produktiboaren ondorioz. Egiaz, guztiz kontrakoa gertatzen zen.
Emakumeak lan-merkatuan sartzearen ondorioz ez, baizik eta laneratze hori nola
gertatu zen ikusita, denok hasi ginen nabarmen lehen baino lan gehiago egiten.
6. Zoritxarrez, emakumea laneratzeko helburua ez
zen izan emakumeen emantzipazioa, eskulan merkearen eskuratze masiboa baizik,
enpresa-eliteen etengabeko helburu. Horren ondorioz, integrazio hori ez zen
gauzatu zegoen lan-zama gizonen eta emakumeen artean banatuz – logikoa izango
zatekeen bezala –, baizik eta familia-unitate bakoitzeko lan-karga astean 40
ordu handituz. Horren ondorioz, ehunka milioi emakume masiboki esplotatuak izan
dira 80, 90 eta 100 orduko asteetan, eta inork ez dio gaiari inolako arretarik
jarri. Eta, ondorio zuzen eta logiko gisa, tasa jasanezinetara hondoratu da Europa
demografikoki.
7. Lan-gainmetaketa hori lehenbailehen zuzendu
behar da, eta langabezia-zifren leherketa testuinguru egokia izan daiteke
horretarako.
8. Zenbait hedabideren arabera, lan-denboraren
murrizketa enpresaburuen eta langileen arteko akordio askearen bidez gauzatu
behar da, eta inoiz ez nahitaez. Errealitatearen interpretazio idealista bat
islatzen du horrek, eta datu historikoak ahaztu egiten ditu; izan ere, datu
horiek erakusten digute lan-denborari eusteko eta murrizteko aurrerapen handiak
kapitala eta lanaren arteko gatazka luzeen eta, azkenik, dagozkion erabaki
politiko eta legegileen ondorio izan direla. Hala nola lanaldia gehienez ere 12
ordura mugatzera eraman zutenak bere garaian, eta 8 ordura aurrerago edo asteko
40 ordura geroxeago.
EUROPAKO GARAPEN EREDUAREN ETORKIZUNAri
buruzko idatziak