EUSKARRI Sarea Ideologiak eta gizartearen dinamizazioa. HERRITARREN %99GANDIK HERRITARREN %99RENTZAT ETA, ALDI BEREAN, “BAKOITZA BEREA”

Ideologiak eta gizartearen dinamizazioa.
HERRITARREN %99GANDIK HERRITARREN %99RENTZAT ETA, ALDI BEREAN, “BAKOITZA BEREA”
TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|
Aniztasuna beharrezkoa da. Eta, zenbaitetan, zatiketa ere bai. Alderdi
politikoak, sindikatuak, helburu ideologiko eta estrategikoen araberako
zatiketak nahitaezkoak dira gizarte demokratikoetan. Ideologiak, berez
zatitzaileak izanik, beharrezkoak dira gizartea bera aurrera eramateko.
Baina badakigu gizaki guztiok, nahiz eta iritzi eta balore propioak izan,
beste herritarrekin konpartitzen ditugun balore eta iritziak ere baditugula. Gizartearen
dinamizazioa mantentzeko, jakin behar dugu ezberdintzen zertan ditugun interes
ezberdinak eta zertan ez. Eta, horren arabera, noiz eta zertan elkartu behar
garen eta noiz eta zertan zatitu behar garen.
Gizartea bizirik mantentzeko, nahitaezkoa izan daiteke hori dena kontuan
hartzea. Zatitzen gaituena baizik ez badugu kontuan hartzen, gero eta herritar
gehiago zatiketa horretan eroso sentitu ez eta etxean geratuko da. Neurri
bateko zatiketa ideologikoa beharrezkoa bada ere, oinarri objektiboen arabera
onartu eta mugatu behar dugu zatiketa hori, beharrezkoak ez diren esparruetara
eraman gabe. Gizartearen dinamizaziorako, hil ala biziko kontua izan daiteke
zatiketatik kanpoko esparrua bizirik mantentzea eta hori da, hain zuzen, gure
sarearen funtsezko helburu bat.
EUSKARRI Sarea osatzen dugunok ere, norberaren ideologia eta balore propio
eta ezberdinak ditugu, jakina. Sare hau eraikitzerakoan, zatitzen gaituena
ahaztu gabe, herritar guztiok batzen gaituenaren gainean eraikitzen jakin behar
dugu. Gure helburu eta konpromisoa izan behar da, norberaren ideiak eta
baloreak ahaztu gabe, herritar guztien interes orokorren arabera pentsatzen eta
eraikitzen hastea, bazkide berriak bilatuz, sarea bera edukiera kontzeptualekin
hornituz eta ideia, proposamenak eta lan ildoekin aberastuz.
Ez da lan erraza jakina. Ez gara
ohituak interes orokorren arabera eta aniztasun osoaren arabera pentsatzen eta
lan egiten. Aniztasun horren gainean eraikitzen hasi behar dugula adostuta ere,
pixkanaka hasi behar gara sarea aberasten eta proiektua bera erakargarria
bihurtzen. Ideia eta asmoa bera erakargarriak izatea ez da nahikoa eta edukiera
erakargarriaz betetzea da sare honen funtsezko erronka.
Horiek dira, hain zuzen, EUSKARRIren jardueran erabili nahi ditugun
irizpideak. Ahal den neurrian, argi eta garbi ezberdindu nahi ditugu:
A. Herritar
guztientzat (%99rentzat) baliogarriak diren ideiak
B. Norberaren
berezko ideologia, baloreak eta pentsamoldeak.
Horretarako, EUSKARRI Sarean bertan, bi lan esparru hauek sortu eta garatu behar ditugu:
A. Interes
eta Ikuspegi Orokorraren esparrua
EUSKARRI Sarea
bera: euskal herritar guztiei irekita
B. Interes
eta Ikuspegi Berezien esparrua
EUSKARRI Saretik
sortutako lan/gogoeta taldeak. Talde horien kideek antolatuko dituzte helburu,
ideia eta pentsamolde propioen arabera.
Beraz:
Sarearekiko herritarren %99ren atxikimendua ziurtatzeko, EUSKARRI bera,
bere orokortasunean, interes eta ikuspegi orokorren arabera arituko da.
Aldi berean, bigarren maila batean, interes eta ikuspegi bereziak garatu
eta lantzeko aukerak zabalduko dira, herritarrak eta gizartearen dinamizazioan
nahitaezkoak direlako ere.
Irudia. ANIZTASUNA KUDEATZEKO
Ik. pdf: https://yadi.sk/i/9eMREILuubV20Q |
TELEGRAM:
https://t.me/euskarri
|