Toki eta Eskualde Garapena Txina - Gipuzkoa - Euskal Herria TEKNIKARIEN ETA KOADROEN PRESTAKUNTZA

Toki eta Eskualde Garapena
Txina - Gipuzkoa - Euskal Herria

TEKNIKARIEN ETA KOADROEN PRESTAKUNTZA


1.     Txinako erregio-garapeneko eta toki-garapeneko politikak gureen oso bestelakoak dira. Alde horiek argiak dira erregio-mailan, bertan Txinako politika nabarmen proaktiboagoak eta sektorialagoak daude. Baina errotik desberdinak dira toki-eremuan, gure politikek garapen ekonomikoa bazterreko gaitzat jotzen baitute tokiko estrategien barruan.

2.     Denborarekin, desberdintasun sakon horiek ondorio larriak izan dituzte administrazio publikoko teknikarien eta koadro politikoen kualifikazioan.

3.     Txinan, garapen ekonomikoarekin zerikusia duten jarduketez arduratzen diren eskualde- eta toki-administrazioko teknikariek zeregin eta kokapen nagusia dute, bai erregio-mailan, bai toki-eremuan. Horren ondorioz, prestakuntza, gaitasuna eta esperientzia duten giza talde zabalak sortu dira, bai Alderdi Komunistaren tokiko eta eskualdeko egituretan, bai udalerri eta erregioetako gobernuetan.

4.     Gure ikuspuntutik, Euskal Herriko toki- eta erregio-politiketan giltzarri diren pertsonen trebakuntzaren gabezia handi horiek oztopo garrantzitsuak dira gure garapen ekonomikorako, eta gero eta gehiago izango dira, lau hamarkadatan murgilduta gauden egungo garapen eredu neoliberala gainditu ahala.

5.     Ikusten dugunez, defizita oso desberdina da erregio eta toki mailan. Gure erregioetako/autonomia-erkidegoetako administrazioetan teknikariak eta arduradun politikoak baditugu garapen ekonomikoaren esparruan, eta garrantzi handia dute administrazio osoan. Defizita, kasu honetan, ezagutzen duguna da, politika ekonomiko proaktiboei, sektorialei edo partaidetza publikokoei uko egin izanaren hamarkadetako gabezia. Horren ondorioz, ez daukagu benetako estrategia sektorialik, eta ez dakigu benetan noiz eta nola erabili gehiengoa edo gutxiengoa duten enpresa-partaidetza publikoak modu sistematikoan edo ez hain sistematikoan.

6.     Ziur asko, erregio-eremu horretan egin behar den lehen prestakuntza-ahalegina estrategia sektorialak zuzenean aplikatzeko helbururik gabe lantzea da. Egungo estrategiak egun batetik bestera aldatu nahi izatea, zuhurtziagabea izan liteke egungo esperientzia- eta ezagutza-faltaren testuinguruan.

7.     Lehen estrategia sektorial horiek, agian, gobernuetatik kanpo egin daitezke. Irudi politikoaren aldetik ere gobernuak arriskuan ez jartzeko. Agian unibertsitateetan, fundazioetan, sindikatuetan, think-tanketan edo aholkularitzetan. Estrategia horiek lantzeak eta zabaltzeak, arduradun politikoen nolabaiteko jarraipena duen heinean, lagundu egin dezake azken urteotan galdu ditugun politika sektorialak egiteko gaitasuna berreskuratzen.

8.     Arazoa askoz sakonagoa da tokiko politiketan. Hemen ez da politika proaktiboak edo ekimen publikoa alde batera uztearen arazoa soilik, erregio-mailan bezala. Toki-eremuan, garapen ekonomikoa, udal- edo eskualde-estrategien funtsezko helburu gisa bertan behera uztea da funtsezko arazoa.

9.     Horren ondorioz, tokiko eremuan politika edo estrategia aktiboagoak eta efizienteagoak lortzeko aldaketak, Txinako politika horien dinamismora hurbiltzeko aukera emango ligukeenak, egiturazko aldaketa politikoak beharko lituzke. Udalerri edo eskualde batzuetan edo besteetan banaka lantzeko zailak direnak. Teknikarien eta koadroen prestakuntzari eta gaikuntzari ekin aurretik, garapen ekonomikoaren esparruan tokiko politikek duten funtzioari buruzko eztabaida estrategiko eta politikoa egin beharko genuke herrialde mailan. Eta, agian, aurretik, antzeko eztabaida bat egin beharko genuke alderdi politikoen barruan.

 

Toki eta Lurralde Garapenari buruzko beste idatzi batzuk

EKAI Center-en beste idatzi batzuk