EUSKARRI Sarea GIZARTE ZIBILA AKTIBATZEA SISTEMA DEMOKRATIKOAREN OINARRI GISA


Aurkezpen hau etengabe eguneratua da, EUSKARRI Sareko kideen ekarpenei esker.
(2020.10.17an eguneratua)



Sartu gure Kanalera:

 

TELEGRAM:    https://t.me/euskarri

Telegram ez baduzu:

WHATSAPP: https://chat.whatsapp.com/CTP6ECVOD9BFQiYXTxTOd4

 

 


Gizarteak ez dituzte eraikitzen ez egitura fisikoek ez arauek bakarrik. Onerako edo txarrerako, batez ere pertsonek eraikitzen dituzte, egitura fisiko eta arauen oinarrian eta erabilpenean ere pertsonak daude eta. Eta horixe bera gertatzen da sistema demokratikoarekin. Demokrazia baten funtzionamendua eta errealitatea dagokion konstituzioak edo lege-egiturak diotenaren arabera baizik ez aztertzea ez da nahikoa.

Demokrazia "Herriaren gobernua" besterik ez da. Hitzez hitz eta materialki. Eta egoera hori gertatzea legezko baieztapenetatik askoz haratago doa. Hauteskundeak, erreferendumak eta politikan parte hartzeko lege-mekanismoak herri-borondatea adierazteko tresnak dira, baina erraz indargabetzen dira herritarrek beren eskubide eta interesak defendatzeko orduan jarrera pasiboa hartzen badute eta bozketa egin arte itxarotera mugatzen badira.

Hauteskunde-mekanismoez gain, gizartea etengabe aktibatu edo dinamizatu behar du sistema demokratikoak, lege-tresnak edukiz bete daitezen eta benetan herri-borondatearen eta interes orokorren tresna izan daitezen.

Batzuetan, alderdi politikoei egozten diegu gizartea dinamizatzeko eginkizun hori. Baina irizpide hori oso mugatua da. Bistan denez, alderdi politikoek funtsezko eginkizuna betetzen dute herritarrak hauteskunde prozesuetan bideratzeko orduan. Hala ere, alderdi politikoen zeregina bera gizartearen dinamizazio prozesu baten mende dago, eta prozesu hori alderdien beraien euskarri bihurtzen da.

Alderdi politikoak ez badira gizarte dinamizazioko ehunean oinarritzen, masa-partiduak izateari – noizbait izan direnak – uzteko eta koadro-partiduak bihurtzeko arriskuan daude. Bilakaera hori gertatu ezkero, herritarren interes orokorrak ordezkatzeari uzteko arriskuan jartzen dira ere, talde burokratiko txiki baten edo enpresa-intereseko taldeen helburuak ordezkatzen hasteko.

Gizarte-dinamizazioa ez da, noski, alderdi politikoetara mugatzen. Herritarren partaidetza soziala banaka ere aktibatzen da kasu batzuetan (adibidez, adituen, analista edo blogarien kasuan), eta beste gizarte-egitura ekonomiko, asoziatibo, sindikal eta abarren bidez ere. Alderdi politikoen dinamizazioa bera eta –enpresen interesen ordez- interes orokorren aldeko alderdien jarrera lotuta egon da maiz horrelako gizarte-egiturekin, ez soilik beren afiliatuen oinarriarekin.

Herritarrak era eta egitura desberdinetan antola daitezke, baina gizarte-dinamizazio hori ezinbestekoa da sistema demokratikoaren funtzionamendurako. Hori gabe, komunikabideak, alderdi politikoak eta, arian-arian, Estatuaren egiturak, pixkanaka, interes korporatiboko taldeen eraginpean erortzen dira. Interes-talde horiek, enpresa handien ahalmen ekonomikoan eta eraginean oinarrituta, oso erraz antolatzen dira gizarte demokratikoaren egituretan eragiteko. Sarritan, ez dute inolako antolaketarik behar, korporazio handi bakar baten boterea, berez, nahikoa izan baitaiteke eragin erabakigarria izateko.

Horrela, gizarte zibila aktibatzea ezinbesteko baldintza da edozein herrialderen errealitate eta bizitasun demokratikorako. Are gehiago, jakina, helburu horri jaramonik egin ez eta, okertuta, Estatuko erakunde handiak, beren kabuz, demokraziaren bizitasuna mantentzeko gai direla uste izan duten herrialdeetan.




Sartu gure Kanalera:

 

TELEGRAM:    https://t.me/euskarri

Telegram ez baduzu:

WHATSAPP: https://chat.whatsapp.com/CTP6ECVOD9BFQiYXTxTOd4