EUSKARRI Sarea Alderdi Politikoak Aurrera Begira. ALDERDIAK SENDOTU ETA GIZARTERATU


 


Sartu gure Kanalera:

 

TELEGRAM:    https://t.me/euskarri

Telegram ez baduzu:

WHATSAPP: 
https://chat.whatsapp.com/CTP6ECVOD9BFQiYXTxTOd4

 

 

Euskal gizarte sendo eta bizia nahi badugu, alderdi politiko sendo eta sustraituak behar ditugu. Gure kideak animatuko ditugu alderdietan afiliatu eta aktiboki parte hartzera.

Alderdien afiliazioa sustatu behar den moduan, haien sustraitzea bermatzeko hartu beharreko neurriak martxan jartzea komeni da, modu logiko eta bideragarrian, jakina. Afiliazio bizia eta sustraitzea zuzen loturik daude eta, alderantziz, burokratizazioa izan ohi da bientzat arriskurik handiena.

Batzuetan pentsatzen dugu alderdi politikoen burokratizazioa alderdi horiek kudeatzeko modu bat besterik ez dela, "ez hain parte-hartzailea". Pentsatzeko modu horren arabera, alderdi politikoen burokratizazio-prozesuek – alderdien finantzaketaren gure testuinguruan saihesteko zailak direnak – erabakitzeko ahalmena oinarritik zuzendaritzara aldatzea besterik ez lukete ekarriko.

Tamalez, larriagoa izan ohi da errealitatea. Alderdien zuzendaritzek gaitasun eta eraginkortasun handia izanik ere, pertsona talde bat baino ez dira, eta ez dira gai beren kabuz alderdi politikoa bera epe ertainean bideratzeko, gizartean eraginkortasunez eragiteko, hauteskundeetan lehiatzeko, eta abar.

Alderdien goi-karguak botere faktikoren batean –barnekoa zein kanpokoa- oinarritu behar dira nahitaez. Beren afiliatu eta militanteengan oinarritzeari uzten badiote, automatikoki beste euskarri faktiko batzuetan oinarritzen hasten dira, beren eraginari eta gaitasun politikoari eutsi ahal izateko.

Alderdien oinarriak ordezkatzen dituzten botere faktiko horiek harreman zuzena dute, hasiera batean, finantzaketa-iturriekin. Alderdiak, oro har,  gero eta gutxiago daude afiliatuen eta militanteen kuoten mende, eta, aldi berean, gero eta gehiago daude enpresen edo bankuen ekarpenen eta hauteskunde-emaitzekin lotutako diru-laguntza publikoen mende. (Salbuespenak salbuespen, alderdi laboristen finantzaketa sindikala herrialde anglosaxoietan adibidez).

Enpresa- edo banku-ekarpenen arriskuak agerikoak dira. Enpresek eta bankuek alderdien gainean duten botere faktikoa ekarpen horiek finantzaketan duten pisuarekiko zuzenki proportzionala den moduan handitu daiteke.

Finantzaketa publikoak ere baditu ondorio estrategiko nabariak. Finantzaketa-iturri nagusi bihurtzen denean, bere gaitasun estrategikoa ahultzeko arriskuan dago alderdia, eta hauteskundeei begirako estrategiek helburu ideologikoek baino pisu handiagoa hartzeko joera sor daiteke.

Hauteskundeak beharrezkoak dira. Eta pisu handia izan behar dute alderdi politikoen helburu eta estrategietan, jakina. Baina gehiegizko elektoralismoa edo hauteskundeei begirako obsesioa  ez da neutroa. Alderdi politikoek ondo dakite hauteskundeak, neurri handi batean, komunikabideei esker irabazten edo galtzen direla. Horrela, finantziazio publikoaren menpe dagoen alderdiaren estrategiak komunikabide nagusiek baldintzatzeko arrisku nabaria dago.

Era berean, komunikabide nagusiak ez dira neutralak. Eta gutxiago euskal testuinguruan. Hedabide tradizionalak kontuan hartzen baditugu, idatzizko prentsan edo telebistan adibidez, indar mugatua dute herri honetan errotuta daudenek, bai informazio esparruaren aldetik, informazio iturrien aldetik eta, azkenik, informazio-helburuen aldetik ere. Horren ondorioz, funtsean finantzaketa publikoaren mende dagoen alderdi politikoak berehala ikus dezake bere diskurtsoa modulatuta edo baldintzatuta gure gizartearen interes orokorrarekin loturik ez dauden hedabideen eraginagatik. 

Horrela, hedabide eta enpresa handien eraginaren ondorioz, gure alderdi politikoen estrategiak desitxuratuak izateko arriskua dago.

Alderdien burokratizazio-prozesuarekin batera doazen finantza-baldintzatzaileak erabakigarriak dira beraz hedabide eta enpresa handien interesetarako balizko hurbiltze horretarako. Baina ez dira faktore bakarra, tamalez. "Ate birakarien" fenomenoak ez du soilik administrazioetako eta gobernuetako postuekin funtzionatzen. Alderdi politikoetako buruekin ere funtzionatzen du zenbaitetan. Jakina, horrelako prozesuak onartzea ere ez da doakoa alderdi politikoen estrategiarako.

Gaur egun, alderdi politikoen burokratizazioari aurre egitea ez da batere erraza. Kanpoko finantzabideak beharrezkoak dira eta barne finantzazioaren pisua indartzeko asmoz hartu beharreko neurriek ezin dezakete alderdi zehatz bat hankamotz utzi besteen aurrean.

Alde batetik, hauteskunde-gastuak minimizatu beharko lirateke alderdi guztientzat. Eta, bestetik, ahal den neurrian, kanpoko laguntzak hauteskunde-gastu horiekin lotu beharko lirateke, ohiko egituraren gastuak afiliatuen kuoten esku utziz. Edo laguntza publikoak, adibidez, afiliatu kopuruarekin lotu. Oro har, burokratizazioari aurre egiteko hartu beharreko neurriak ondo, oso ondo pentsatu behar dira eta, ziur asko, ezberdinak izan behar dira alderdi bakoitzean.

Beraz, esan dugunez, alderdien sustraitzea –ahal den neurrian- ganoraz eta zuhurtasunez sustatzea proposatuko diegu gure kideei eta, aldi berean, alderdietara afiliatzea, bertan parte-hartzea eta, baita ere, alderdi politikoekiko elkarlana sustatzea. Alderdi politiko sendo eta sustraituak nahitaezko baldintza direlako euskal gizartearen etorkizunarentzat.

 


Sartu gure Kanalera:

 

TELEGRAM:    https://t.me/euskarri

Telegram ez baduzu:

WHATSAPP: 
https://chat.whatsapp.com/CTP6ECVOD9BFQiYXTxTOd4