1. Gehiegizko ideologizazioa da Europan ekonomia
zirkularra sustatzeko politikek aurre egin behar dieten funtsezko erronketako
bat. Ideologizazio horrek ekonomia zirkularraren kontzeptua idealizatzea eta
orokortzea dakar, eta horrek larriki zailtzen du haren ezarpen eraginkorra eta
politika horien prestigioa bera.
2. Alde batetik, politika horiek teoria
ekonomikotik deskonektatzera garamatza ideologizazioak, enpresaren kanpo-eragin
negatiboen kontzeptuan duten jatorria ahaztuz. Kontzeptu hori, kasu honetan,
enpresa-jarduerak baliabideetan eta ingurumenean duen eraginari dagokio. Baina
enpresa-jardueraren beste esparru batzuetan ere aplika daiteke, hala nola
enpleguaren kudeaketan. Ildo horretan, antzeko kontzeptu-analisiak gara
daitezke baliabideen kudeaketaren eta ingurumen-kudeaketaren
"zirkularizazioari" dagokionez, edo enpleguaren kudeaketari
dagokionez, adibidez.
3. Baliabideak eta ingurumena kudeatzeko kostuak
enpresek barneratzea sustatzeko irizpidea ez dela absolutizatu behar ulertzea
eragozten digu, era berean, ideologizazio horrek. Ekonomia zirkularraren eta
kanpo-eraginen arteko erlazioa ulertzeak argi uzten du hori guztia.
4. Ekonomia zirkularreko estrategien helburua ez
da eta ezin da izan enpresek kostuen barneratze hori maximizatzea. Eta hori, eskalako
ekonomien logika ekonomiko oinarrizkoenaren aurka joango litzatekeelako maximizazio
hori. Hondakinen kudeaketa, adibidez, eraginkorrago eta kostu gutxiagorekin
kudea daiteke askotan kudeaketa publikoaren bidez, enpresa ugaritan
sakabanatutako kudeaketaren bidez baino.
5. Horrek azaltzen du, hein handi batean,
enpresa txiki eta ertain askok ekonomia zirkularreko politikekin bat egiteko
dituzten zailtasunak. Sarritan harriturik entzuten dute nola planteatzen
zaizkien kostuak beren gain hartzeko proposamen onargaitzak, modu arrazional
edo intuitiboan, argi eta garbi zentzugabetzat edo neurriz kanpokotzat jotzen
dituztenak.
6. Ekonomia zirkularrarekin edo horren bertsio
ideologizatuekin gertatzen ari denak argi eta garbi erakusten du politika
ekonomikoak ez direla inoiz ideologizatu behar arrazionaltasun ekonomikotik guztiz
aldendu arte. Horren ondorio bakarra da, epe ertainean, sustatu nahi diren
politiken izen ona eta eraginkortasuna galtzea.