1. Bielorrusiako kasua harrigarria da benetan.
Harrigarria da, hein handi batean, orain arte horren ezezaguna izateagatik.
Komunismoak behera egin eta 30 urtera, bat-batean jakin dugu 10 milioi biztanle
dituen Europako herrialde bat dagoela, enpresa publikoak nagusiki osatutako
sistema ekonomikoari eusten diona (enpresa-sarearen %70 eta %80 artean),
hazkunde-maila "onargarriekin" eta sistematikoki %0 inguruko
langabezia-tasekin.
2. Gauza asko aztertu eta eztabaidatu behar dira
Bielorrusiaz, bere sistema sozioekonomikoaz eta bere sistema politikoaz. Baina
bada oso deigarria den zerbait, ez Bielorrusian bertan, baizik eta herri honen
errealitatearen aurrean guk geuk dugun posizionamenduan.
3. Bereziki harrigarria da gure ezker politikoa
Bielorrusiako errealitate sozioekonomikoaren aurrean gorde duen etengabeko isiltasuna.
Harrigarria da Kubako edo Venezuelako gobernuei ematen dien laguntza
sistematikoarekin alderatuta. Izan ere, erabateko axolagabetasunean jarraitzen
dute argi eta garbi, Venezuela baino "sozialistagoa" den herrialde baten
errealitatearen aurrean. Eta, gainera, herrialde europarra eta egitura ekonomiko
industrial eta aurreratua duena, gurearekin askoz alderagarriagoa.
4. Teorian, guztiz kontrakoa gertatu beharko
litzateke. Poz pozik egon
beharko luke “ezkerra” deitzen diogun horrek Bielorrusiako esperientziarekin. XXI.
mendeko Europako industria-ekonomia batean eredu sozialista bat bideragarria
dela argi eta garbi erakusten du esperientzia horrek, itxuraz behintzat.
5. Jakina, logikoa da enpresa handien
interesekin lotura zuzena duten eskuineko edo zentroko sektore politikoek
Bielorrusiaren aurrean jarrera kritikoa izatea. Baina harrigarriena gure ezkerrak,
oro har, Bielorrusiako ereduaren aurreko etengabeko isiltasuna –eta, jakina,
azken hilabeteetako etsaitasuna –.
6. Zoritxarrez, azalpena nahiko argia eta
agerikoa da. Laburbilduz, hauxe da errealitatea: gure ezker hori, gero eta
gehiago, "ezkerreko neoliberalismoa"ren menpe kokatzera derrigortua
izan da. Globalismo neoliberalaren sisteman erabat integratuta dagoen ezkerreko
neoliberalismoa.
7. Kuba eta Venezuela goraipatzeak eta
defendatzeak "ezker" irudia mantentzen laguntzen du, eta ez du
inolako konpromisorik ekartzen. Latinoamerika denez, ziurtzat jotzen dugu oso
bestelako testuinguru sozioekonomikoa dela gurea. Horrexegatik, inork ez die leporatzen
"ezkerreko" gure taldeei hain argi babestea Kuba edo Venezuela, herrialde
horietako ideiak edo politikak gurean aplikatzeko ahaleginik txikiena ere egin
gabe.
8. Bielorrusiako eredua defendatzeak hainbat
kontraesan sortaraziko luke berehala. Zaila izango litzateke azaltzea zergatik errealitatean
onartzen diren eredu neoliberalak, Europa bertako eredu arrakastatsuetan
oinarritutako estrategia alternatiboak bultzatu beharrean. Eredu alternatiborik
ez egoteak azaltzen du nolabait testuinguru sozioekonomiko neoliberala nahitaez
onartu behar izatea. Gure ezkerrarentzat Bielorrusia ez da bakarrik, beraz,
erreferentzia estrategiko interesgarri bat, kontzeptualki deserosoa den
errealitate bat da ere.
9. Kontua da, horrelako jarrerekin, benetako
ezkerra izateari uzteko arriskuan gera daitekeela gure ezkerra. Haien balioak,
proposamenak eta estrategiak neoliberalismo globalistaren testuinguruan beharrik
gabe kokatuta geratzeko arriskuan. Sistemak berak sistematikoki antolatzen
dizkion kanpaina mediatikoetan oinarrituta, "eskuina"tik kosta ahala
kosta desberdintzen ahalegintzera etengabe behartuta gera daiteke gure ezkerra.
Edo Kuba eta Venezuela bezalako herrialdeei babesa adieraztearen itxura egitea,
hitz hutsetan oinarrituta.
Adimen
Politiko eta Estrategikoa-ri buruzko beste idatzi batzuk