1. Joko demokratikoaren funtsezko alderdia da
gobernuei kritika politikoa egitea. Hala ere, horrek ez du esan nahi
gobernarien aurkako edozein kritika edo jazarpen mota herritarrentzat
baliagarria denik. Bereziki, funtsezkoa da kritika horretan benetan
garrantzitsua dena eta hain garrantzitsua ez dena bereiztea.
2. Agintarien edozein hutsegiteren edo akatsen
kritika publikoa eta mediatikoa positiboa dela interpreta badezakegu ere,
kritika horrek, sarritan, garrantzi txikiko gaien gaineko jazarpen sistematikoa
bihurtzen da, bai ikuspegi etikotik, bai gobernu-kudeaketaren
eraginkortasunaren ikuspegitik.
3. Hori modu etengabean gertatzen denean,
gobernuak ahuldu egiten dira, koldartuta, garrantzi txikiagoko arazoengatik
etengabe jazarriak izateko arriskua dutelako. Azaleko interpretazio batean,
gobernuen ahultze hori positibotzat jotzen da. Sarritan, demokrazia aurreratu
batek gobernu ahulak behar dituela uste dugu. Gobernu ahulak dituen herrialde
bat demokratikoagoa omen da.
4. Tamalez, kontrakoa gertatzen da gehienetan.
Funtsean, azterketa hori ezin da egin gure gobernuen jardueraren atzean dauden
oinarrizko egiturak kontuan hartu gabe. Bereziki, gure demokrazientzako
mehatxurik handiena ez dago gobernuak herritarren aurka egiten dituzten
gehiegikerietan, baizik eta mendebaldeko gobernuak interes korporatiboen mende
jartzearen ondorioetan.
5. Interes korporatibo horiek aldez aurretik lider
ahulak eta gobernu ahulak bilatzen dituzte. Ez herritarren askatasun eremua
zabaltzeagatik, noski. Zenbat eta ahulagoak izan agintariak, orduan eta
errazago jartzen da gobernu-ekintza interes korporatiboen mende.
6. Gobernu bat ahultzen denean komunikabideen
jazarpen sistematikoaren ondorioz, ondo baino hobeto daki nortzuk kontrolatzen
dituzten komunikabide horiek, eta, beraz, zer egin behar duen jazarpen hori
arintzeko. Arduradun publikoak garrantzi txikiko kontuengatik kritikatzeko edo
barregarri uzteko kanpaina sistematikoen bidez kikiltzeak soilik lortzen du
agintari horien posizioa ahultzea enpresa handien aurrean eta, azken finean,
herrialdearen kalitate eta eraginkortasun demokratikoak kaltetzea.
7. Kritika politikoak, beraz, zuhurra eta
arrazoizkoa izan behar du. Batez ere, garrantzitsua dena eta ez dena bereizi
behar ditu, eta bi eremuokin bakoitzaren garrantziaren arabera jokatu. Oso
bereziki, arreta berezia jarri behar dizkiegu beti gobernariek interes
korporatiboekin dituzten loturei, interes horiek herrialde berekoak edo beste
lurralde batzuetakoak izanik ere. Azken batean, lotura horiek dira Europan eta
Estatu Batuetan demokrazia suntsitzen ari direnak.
Adimen
Politiko eta Estrategikoa-ri buruzko beste idatzi batzuk