1. Ezin dugu zehaztu noiz, baina orain badakigu
kripto-txanponek nahitaez zalantzan jarriko dituztela egungo banku-gordailuak.
Beraz, ia mekanikoki bereiziko dituzte "gordailu-bankuak" eta
"inbertsio-bankuak", EKAI Centerrek ikuspuntu teoriko batetik
planteatu duena eta orain errealitate bihurtuko dena. Euskal Herriko finantza-
eta banku-politikak ere etorkizun berri horren argitan birbideratu behar dira.
2. Hori gertatzeko behar den denbora zehaztea
zaila da. Partikularren artean aurrezkiaren kudeaketarako kripto-txanponen
erabilera hedatzeak fidagarritasun- eta erabiltzailearenganako
hurbiltasun-baldintzak behar ditu oraindik. Baldintza horiek astiro ari dira
aurrera egiten, finantza-erakundeen eta erakunde publikoen inplikazio
eskasagatik. Herritarrak pixkanaka joango dira kripto-txanponetan aurrezteko
aukera fidagarriak identifikatzen – ziur asko, aktibo errealetan
oinarritutakoak –, eta fidagarritasun horrek, ziurrenik, aurrezteko modalitate
horien hedapen-erritmoa markatuko du.
3. Zerumuga horrek baldintzatu egiten du,
halaber, Euskal Herriko politika publikoen zerumuga estrategikoa. Lehenik eta
behin, funtsezkoa da gordailuen kontrolak une honetan duen garrantzi politikoa epe
luzera galtzea eta etorkizun hori kontuan hartzea. Horrek esan nahi du
finantza-politikek, ikuspuntu estrategikotik, banku-gordailuen gaineko
kontrolean edo eraginean arreta jartzeari utzi behar diotela pixkanaka, eta gero
eta arreta handiagoa jarri behar diotela kredituari. Bi helburu horiek lotuta
daude une honetan, baina, esan dugun bezala, gero eta bananduago egongo dira
etorkizunean.
4. Ikuspegi estrategikotik, ondorio
garrantzitsuak ditu horrek gure politika publikoetan. Gordailuen kontrolak
garrantzia galtzen badu, gordailu-bankuen edo kutxen kontrolak eta Euskal Herrian
duten sustraitzeak ere galtzen du. Gurea bezalako industria-lurralde batean,
enpresa-jardueren finantzaketa eraginkorra ziurtatzea oso lotuta dago gordailu-erakundeek
lurraldearekin duten loturarekin. Testuinguru berritik abiatuta, kredituaren
kudeaketa, publikoa zein pribatua, kontrolatzea edo errotzea izango da beharko
duguna.
5. Praktikan, honako hauek izan daitezke Euskal
Herriak testuinguru estrategiko berri horren aurrean jarduteko bideak:
A. Kreditu-kudeaketako egitura pribatuen
bilakaera zaintzea; orain arte gordailu-erakundeetan egon dira kokatuak baina,
aurreikuspenen arabera, pixkanaka gero eta bananduagoak egongo dira.
B. Kreditua kudeatzeko jardueraren gaitasun
teknikoa eta bokazioa bultzatzea egungo gordailu-erakundeetan.
C. Kriptomonetak jaulkitzeko eta kudeatzeko
eremuan ondo kokatzea, espazio publikotik zein pribatutik.
D. Kreditua aztertzeko eta kudeatzeko erakunde
publikoetan kokatuta dauden egiturak indartzea.
E. Bankuak gainbegiratzeko egiturak
sustatzea.
6. Jakina, epe luzerako ikuspegi estrategikoak
aldatzeak ez du esan nahi ahaztu behar dugunik, gaur egun, gordailuen bankuetan
dugun eragina eta horiek lurraldean errotuta egotea funtsezkoak direla oraindik
euskal ekonomiarentzat eta gizartearentzat. Horren inguruan garatu beharreko
politiken aldaketak progresiboa izan behar du nahitaez.