Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna KRIPTO-BANKUGINTZARAKO BIDEA

Europako Garapen Ereduaren Etorkizuna

KRIPTO-BANKUGINTZARAKO BIDEA


1.      Txosten honetan, ondokoak dira "Kripto-Bankugintzaren" funtsezko oinarriak:

A. Kriptomoneten orokortzearen ondorioz, desagertu egin da banku-gordailuak kudeatzearen egungo jarduera, eta horren ordez, blockchains sistemen Internet bidezko aurrezkiaren kudeaketa zabaltzen da, eta,

B. Horren ondorioz, Kreditu-Bankugintza gordailuen kudeaketatik bereizi behar da nahitaez.

2.      Ondorio horiek sor daitezke bai kriptomonetak balio errealetan oinarritzen badira (urrea, zilarra, hidrokarburoak), bai eta lan-balorean oinarritzen badira ere, bitcoinarekin gertatzen den bezala.

3.      Kontua da, aurreratu dugun bezala, gordailuen eta kredituen banaketa aldaketa iraultzailea dela. Eta hain eragin handia izanik, bidean azalduko diren egiturazko oztopo nabarmenak aztertzera behartuta gaude.

4.      Kriptomonetak hedatzeak, hasiera batean, banku-gordailuetan dagoen dirua pixkanaka murriztea ekarriko du, eta horrek, berez, banku-kreditua gero eta gehiago uzkurtzea eragingo du. Kreditua oinarritzeko beharrak, lehenik eta behin, kreditu publikoa erabiltzeko premia handiagoa ekarriko du, dakigun bezala, une honetan banku zentralek ia monopolizatu dutena.

5.      Egoera horren aurrean, baliteke bankuak, une honetan moneta fiduziarioekin egiten duten bezala, kriptomoneten aurrean posizionatzen saiatzea. Horrek kriptomonetetan egindako gordailuak onartzea eta kriptomonetetan kredituak ematea ekarriko luke. Hala ere, zalantzan jar daiteke estrategia horren eraginkortasuna. Kriptomoneten titularrek kobrantzak eta ordainketak eraginkortasunez kudeatu baditzakete, nekez onartuko dute beraien aurrezkiari "banku-gordailu" tratamendua ematea eta, horrela, arriskuan jartzea. Salbu eta, arrisku horren truke, interes-tasa handiak eskuratzen badituzte. Gordailugile batzuek arrisku hori onartuko lukete, baina, seguru asko, gutxiengo bat izango lirateke. Herritar gehienek aurrezkiak "gordailutu" nahi dituzte, inbertitu baino gehiago.

6.      Gordailu kopuruen murrizketa aurreikus daitekeenez, banku-kreditua sortzeko iturri alternatiboak bilatu beharko dira. Hasiera batean, jakintzat eman behar da banku zentralek elikatuko dituztela baliabide horiek. Baina, erronkaren neurria kontuan hartuz, hasiera batean baino ez. Beraz, pentsatzekoa da gobernuak pixkanaka inplikatu beharko direla kreditu publikoaren sorreran. Horrek esan nahi du enpresentzako kreditua eta kreditu soziala bideratzeko gaitasuna handitu beharko dutela gobernuek. Bai eta baliabide publikoak kudeatzen dituzten banku-erakundeen gainbegiratze-gaitasuna nabarmen hobetu ere.

7.      Banku-erregulazioa ere pixkanaka egokitu beharko da. Kredituak ematen dituzten bankuei baimena eman beharko zaie, jasotako gordailuen kargura ez ezik – gero eta gehiago aseguratu beharko dira –, partikularrek "inbertitutako" funtsekin edo jasotako kreditu publikoarekin lotutako baremoetan oinarritutako kreditua emateko ere. Edo gordailuak kudeatzen dituzten bankuak eta bestelako arrisku-baliabideak kudeatzen dituzten inbertsio-bankuak argi eta garbi bereizi beharko dira bestela.

8.      Trantsizio-prozesuaren abiadura eta ezaugarriak faktore ekonomikoen eta politikoen araberakoak izango dira. Europak eta Estatu Batuek kontrolatzen dituen finantza-oligarkiak bere botereari eusten badio, ez du finantza-sistemaren kontrola galtzea onartuko, konparagarriak diren beste kontrol-tresna batzuen truke ez bada. Finantza sistemaren erreforma eta Mendebaldearen demokratizazioa argi eta garbi lotuta daude eta, seguru asko, paraleloan egingo dute aurrera.

EUROPAKO GARAPEN EREDUAREN ETORKIZUNAri buruzko idatziak

EKAI Center-en beste idatzi batzuk